Testuingurua
Izen sintagma luzeetan, ordea, hau da, barnean beste izenlagunen bat daramatenetan hau erlatiboa baldin bada, batez ere, harako-k hartzen duen tokia ez da ohizko izenlagunei dagokiena: harako urtero egiten zuen ibilaldia baina *mendiko urtero egiten zuen ibilaldia.
Azken hau beste honetara esango bait litzateke: urtero egiten zuen mendiko ibilaldia (erlatiboa).
Horrelako sintagmetan, beraz, harako tokiz aldatua dagoela-edo dirudi, zegokion lekutik sintagmaren lehen burura ekarria, alegia: urtero egiten zuen harako ibilaldia ampgt; harako urtero egiten zuen ibilaldia.
Ustezko toki-aldaketa hori gorabehera, dena den, garbi dago horrelako egituran harako-ren balio deiktikoa ahuldu egin daitekeela eta sintagmari hasiera ematen dion hitz-tresna bilakatze bidean dagoela.
Perpausetik kanpora seinalatu edo erreferentzia egin beharrean, badirudi sintagma luzea datorrela ohartarazten duen hasierako hitz tresna, giltz-hitza, izan daitekeela zenbaitetan.
3.2.4. Azken egitura luzeago honek zalantzarako bidea ere ekar dezake inoiz harako-z hasten den sintagmaren luzerari dagokionez.
Izen sintagma nagusiak bere barnean beste IS bat daramanean arrain handiaren barnean txikia, alegia, harako zeini dagokion galdegin daiteke.
Harako ...-a ...-a egitura, alegia, bitara uler daiteke: [harako ...-a] ...-a edo [harako (...-a) ...-a].
Hona, esate baterako, neuk asmaturiko harako gazteak ekarri zituen arropa haiek adibidea bitara uler daiteke: a) [harako gazteak] ekarri zituen arropa haiek (jakineko gazteak ekarri zituen arropa haiek) b) [harako (gazteak ekarri zituen) arropa haiek] (gazteak ekarri zituen jakineko arropa haiek)
Edo OEH-n harturiko beste honetan: (27) Zer da araku artan dagon gauza gorri (y) ura?
(Alz STFer 136)
Bi dira, hemen ere, egin daitezkeen irakurketak: a) Zer da [harako hartan] dagoen gauza gorri hura? b) Zer da [harako (hartan dagoen) gauza gorri hura]?
Ahozkoan, egia da, doinuak garbi ditzake zalantza batzuk.
Azken adibidean, esaterako, ez lirateke berdin esango, beharbada, a) eta b) aukerak.
Lehenbiziko aukeran araku artan multzo batean esango litzateke, ondoren tarte-eten laburra eginaz; bigarrenean, berriz, araku eta artan hitzen artean egingo litzateke tarte-eten hori.